Urak
Izarbeibarko Mankomunitatea, bere Servicios Arga Valdizarbe, S.L. sozietate kudeatzailearen bitartez, Uraren Ziklo Integrala kudeatzeaz arduratzen da. Kudeaketa horren barruan biltzen dira ura hartzeko, edangarri bihurtzeko, kalitatea zaintzeko, garraiatzeko, banatzeko eta, azkenik, ibaien ibilguetara itzultzeko hondakin-urak arazteko prozesuak.
Gaur egun, 12 herrietako 11.000 biztanle baino gehiago hornitzen ditugu. Beharrezkoa den ur-bolumena eman ahal izateko, “Errezuko iturburua” deritzona erabiltzen dugu. Urbasa eta Andia mendilerroetako Unitate Hidrogeologikoaren barruan dago akuifero hau, eta gure hornidura-iturri nagusia da.
Bildutako ura “Ziraukiko Gunera” eramaten da. Gune hori 135.000 m3-ko edukiera duen erregulazio-putzu batek eta edateko ura tratatzeko estazio batek osatzen dute. Estazio honetatik erabiltzailearen txorrotaraino, Izarbeibarko Mankomunitateak zerbitzua etengabe mantentzen dela bermatzen duten instalazio batzuk ditu: depositu erregulatzaileak, jasotze-estazioak eta banaketa-sareak.
Izarbeibarko Mankomunitatearen hornidurarako urak kalitate ona du hasieratik. Hori ziurtatzeko eta kalitatea handitzeko, banatutako uraren ezaugarri bakteriologikoak, organoleptikoak eta fisiko-kimikoak kontrolatzen dituen zaintza-programa bat ezarri da.
Gure etxe, establezimendu eta industrietan erabili ondoren, beste prozesu bat abiatzen da: ur kutsatuak garraiatu eta araztea, ondoren berriz ere ibaietara isurtzeko.
Lan hau herriguneetako saneamendu-sareei eta kolektore igorleei esker egiten da. Izan ere, kutsatutako urak araztegietara eramaten dituzte, eta, han, hauek berreskuratzea lortzen da. Lan honetarako, NILSA (Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.) sozietate publikoaren laguntza dugu. www.nilsa.com
Azken urteotan, Mankomunitateak, komunikazio-kanpainen bidez eta herritar guztien inplikazioa bilatuz, uraren erabilera eraginkorrerako neurriak hedatzeko ahalegin handia egin du.